XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itzultzaile Eskolak heriotz epaia

URTE honetako bertako urriaren 17an Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren gutun bat jaso zen Itzultzaile Eskolan (Martutenekoan), Irakaskuntza Berezituen Zerbitzuaren izenean Guzman Aranaga Gaztañaga jaunak, Gasteizen, urriaren 8an sinatu eta jaurlaritzatik urriaren 14an igorria.

Itzultzaile Eskolaren heriotz epaia zen: Komenio berri hau ikasturte honi bakarrik dagokio eta epe hori bukatu ondoren, Sail honek bukatutzat emango ditu Martuteneko Itzultzaile Eskolarekiko diru-laguntza harremanak, dio, auzitegi militarreko teniente koronel kabaileriako batek hobeto asmatuko ez lukeen kontzisioaz.

Datorren ekainetik aurrera ez dago, beraz, Itzultzaile Eskolarik.

Zergatik? Dirua eta onarpena ukatzen zaiolako.

Zergatik ukatzen zaion? H.A.E.E.k bere Itzultzaile Eskola sortuz gero, gure komenioa indarrik gabe geratzen zen, dio, H.A.E.E.k sortu du bere Itzultzaile Eskola Hitzik ez dut asmatzen; kontu hauetan garrantzi haundikoa izaten bait da hitzik ez asmatzea.

Horrelako albiste baten berri eman behar denean, beste datu asko txikikeriak dira ia.

Itzultzaile Eskolak komenio bat zuen Hezkuntza Sailarekin Eskolak izaten jarraitu ahal izan zezan.

Komenio horren arabera, ordea, ez zen Eskolaren aitzinkontua betetzen (hamar milioi) nahiz eta Hezkuntzako eta Hizkuntza Politikarako Idazkaritzako kargudunek behin baino gehiagotan hitz emana zuten, Eskolaren premia objetiboa aitortuz, berorren aurrekontuak osatu eta onarpen edo balioztapen modu ofizial bat eskuratzeko bideak jarriko zirela.

Ezin izan da.

Aurten bertan, Euskararen Sustapenerako sailburuarekin asmo horretan egiten ari ziren bilerak, Eskolak ikasturtea hasterako garantia gutxieneko batzuk eskatzean, sine die atzeratu ziren.

Bilerak sine die, Eskola sine pane eta denok circenses egiten.

Egoera horrek beharturik, eta Jaurlaritzak betetzen ez duen hitza guk ez botatzeko geure buruari aitzakirik eman gabe, lau irakaslek lanpostua utzi eta langabeziara joan ziren ikasturtearen hasieran, eta bi bakarrik geratu bertan, ikasleek ikasturtea behintzat bukatu dezaten eta ea horrela, gastu horiek kenduta, Hezkuntza Sailak Eskolari eskeintzen zion diru laguntza urriarekin ahalbideratzen zen Eskola eta urtebetean iraunarazten zitzaion.

Inozoak gu, ordea, derrepente urritu bait zitzaigun berriro laguntza, eta baldintzak estutu, parametro misteriozkoren batzuren izenean, Moliere, Shakespeare eta Quevedoren lumak batera jartzea merezimendu hobez eskatuko lukeen xurkeria agiriko batez.

Horrela ezineratu da zazpi urtez euskal itzulpengintzaren onerako, hoberako asmoz behintzat burutu den ahaleginik serioena, eta halakoxetzat aitortua, penintsulak bezala alde guztietatik batetik salbu.

Sailburuek ere beharrezkotzat aitortzen duten eginkizun bat bideratzen ez dakien Jaurlaritza baten jelosia, berekoikeria eta zurruntasunez.

Beti izan bait da egia: dirua alde batean eta ideiak bestean.

Esperantza galdu behar ez den gauza da hala ere, hil eta hoztu arte behintzat.

Inguruan pauso hotsek entzuten diren bitartean, norbait zerbaitetan badabilen seinale.

J.J. ZABALETA.